XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.3 EUSKALDUNAK AYMERIC PICAUD-EN IKUSPEGITIK.

Erromesen Gidaliburuan esaten diranak irakurri ondoren, erantzun ondorengo galderei zeure eritzia emonez.

Gero zuen artean eztabaidatuko dozuez erantzunak.

Denok dakigunez, Erdi Aroan milaka erromes joaten ziren Konpostelara.

Erroma edo Palestina bezain ospetsua zen garai hartan Galiziako Santiago, eta hara joateko bideetariko batzu gure herritik igarotzen ziren, Orreagatik edo kostaldetik muga pasatuz.

Garai hartan ez zen batere erosoa bidaiatzea: bide txarrak, lapurrak, zergak, gosea, gaisotasunak....

Orain aipatzen dugun kontua XI. mendekoa da eta Frantziatik Konpostelara joan zen erromes batek idatzitakoa, eta bidaia hau egingo duten erromesei kontseiluak emateko asmotan egina.

Gure berri ere ematen duenez, badauka guretzat interesik.

Eta goazen harira: Mugatik Santiagora zenbat bidai egun behar diren aipatu ondoren, bideko hiriez mintzatzen da: Orreaga, Iruñea, Gares, Lizarra eta abar.

Lizarrari dagokionez, oso ondo hitz egiten du: ogia ona eta ugari duela, ardoa oso ona, haragi eta arrain eta edozelako zoriontasunez beterik dagoela.

Garai hartan Lizarra Frantsesez josirik zegoen Konpostelako bidea zela eta... eta gure erromesa pozik sentituko zen bere herritarren artean.

Geroago bidean aurkitzen diren errekei eta biztanlegoari buruz hitz egiten du, holakoak esanez:
Lorka ibaiaren ekialdean Erreka Gezia aurkitzen da: kontuz!.

Ez edan urik erreka horretatik, ez zuk, ez zure zaldiak, ez baduzue hil nai.

Santiagora joan ginenean, nafar bi ikusi genituen erreka bazterrean labanak zorrozten; erreka horretan edan eta hiltzen ziren zaldiak larrutzen zituzten.

Ura edateko ona zen galdetu genien eta, baietz, oso ona zela erantzun ziguten.

Gure zaldi bi hil ziren eta nafarrek berehala larrutu zituzten.

Aurrerago: Lurralde honetako hizkuntza basatia da; baso ugari ditu eta menditsua da; ez dauka ogirik, ez ardorik, ez janaririk, sagar, sagardo eta esnea izan ezik.

Kexu agertzen da bideetan kobratzen dituzten bidesariak direla eta:
Erromesen aurrean jartzen dira bi edo hiru gezirekin, legezkoak ez diren inpostuak kobratuz.

Bat edo batek ezetza emanez gero, geziekin jo eta, galtzak ere arakatuz, kendu egiten diote dirua.

Krudelak dira eta lurra ere ankerra, basatia eta barbaroa da.

Haien aurpegi basatiak ikusi eta hizkuntza barbaroa entzunez, izututa gelditzen da bidaiariaren bihotza.

Eta mendi bat aipatuz:
Espainiako lurraldeetan kristautasuna hedatu aurretik mendi honetan, nafar bihotz gogorrek eta Iparraldeko baskoek, Santiagora zihoazen erromesei lapurtu, beraien gainean astoak izango balira bezala ibili eta hil egiten zituzten.

Nafarrak eta baskoak antzekoak dira jantziz eta hizkeraz....

Nafarren etxeetan guztiek plater batetik jaten dute, eta ez goilarez, eskuekin baino, eta denek edaten dute kopa beretik.

Jaten ikusiko bazenitu, txakurrak edota txerriak direla esango zenuke.

Berbetan entzunez gero, zaungaka dabiltzan txakurrak direla pentsatuko zenuke.

Horien hizkuntza guztiz basatia da.

Jainkoari Urcia deitzen diote, Jainkoaren amari Andrea Maria, ogiari orgui, ardoari ardun okelari aragi, arrainari araing elizari elicera, gariari gari, urari uric, erregeari eregia, Santiagori Jaona domine Jacue.

Jende hau barbaroa da horien arrazak eta ohiturek ez dute zerikusirik beste herriekin;.